EUSKAL HERRIKO MAPA DIGITALA



Euskal Herriko lurralde guztietako herrien euskal izenak, izen ofizialak eta herritarren izenak mapa bakar batean aurki daitezke aurrerantzean, erraz asko aurkitu ere, Google Maps zerbitzua erabiliz kontsulta baitaiteke UZEIk sarean sarri duen Euskal Herriko mapa digitala. Mapa berri hau arakatzeko, UZEIk bere webgunean (www.uzei.eus) jarri du zuzeneko esteka, Google Maps zerbitzuko helbide honetara bideratzen duena.

Mapa Euskaltzaindiak 1998tik 2009ra bitartean plazaratu dituen 10 arauren informazioa bateratuz prestatu du UZEIk mapa. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren diru-laguntza izan du proiektuak.

Guztira, Euskaltzaindiaren 10 arau bateratu dira oraingoan: 92. eta 99. arauak (Zuberoako herri-izendegia), 108. araua (Lapurdiko herri-izendegia), 122, 128 eta 133. arauak (Nafarroa Behereko herri-izendegia), 140. araua (Gipuzkoako herri-izendegia), 145. araua (Bizkaiko herri-izendegia), 150. araua (Arabako herri-izendegia) eta 155. araua (Nafarroako herri-izendegia). Euskal Herriko herrien eta herritarren izendapenak are errazago bilatzeko, koloreka bereizi dira zazpi probintziak.

Mapan nabigatu ahala bistara daiteke informazio osoa ikonoaren gainean klik eginda (herri bakoitzaren euskarazko izena, izen ofiziala eta herritarren izendapena), baina bilaketa-leihoan edota goitibeherako zerrendan ere egin daitezke bilaketak.

Munduko estatuen izendapenak biltzen zituen iaz UZEIk sarean jarri zuen Mundu Mapa Digitalean. Lan hark ordura arteko hutsune bat betetzea zuen helburu; izan ere, munduko herrialdeak eta hiriburuak, herritarren izendapenak eta hizkuntza ofizialak Euskaltzaindiak araututa zeuden arren, izendapen onartuak ez zeuden erraz eskuratzeko moduan.

Mapa hura prestatzeko ere Euskaltzaindiak bere arauetan jasotako informazioa bateratu zuen, erabiltzaileei kontsulta modu interaktibo eta erraza eskaintzeko asmoz. Xede horrekin berarekin jarri du UZEIk sarean Euskal Herriko Mapa Digitala.


ITURRIA: DIARIO VASCO 2015-02-13