ERREPUBLIKANISMOA: IDEOLOGIA "MODERNOA, DEMOKRATIKOA ETA LAIKOA"

Unai Belaustegi, aurkeztu berri duen liburua eskuan duela. / MICHELENA
Errepublikanismoa izan zen XIX. mende bukaera aldera indar politiko nagusia Eibarren eta Irunen, eta baita Donostian ere zenbait legealditan. 1868tik 1923ra bitarteko bilakaera aztertu du Unai Belaustegi historialariak

"Errepublikanismoa oso gai ezezaguna da gaur egun, baina kontuan izan behar da nik ikertu dudan tartean -1868-1923 epean- bera izan zela indar politiko nagusia Eibar eta Irunen, eta baita Donostiako Udalean ere zenbait legealditan", adierazi du Unai Belaustegi historialariak.

Orain Erandioko institutuan lanean ari den ikerlari mutrikuar honek 'Errepublikanismoa Gipuzkoan (1868-1923)' liburua idatzi du. Lehenbiziko aldia da gai honi buruzko euskarazko liburu bat ateratzen dena.
Unai Belaustegi Bedialauneta doktorea da Historia Garaikidean, errepublikanismoaz egin du doktore-tesia eta Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuaren bidez plazaratu du emaitza.

Atzoko aurkezpen-ekitaldian Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Esteban Antxustegi UPV/EHUko Balioen Filosofía eta Gizarte Antropologiaren Sailaren irakaslea izan ziren autorearekin batera.
Unai Belaustegik lau urte luzez egindako lanaren lehendabiziko emaitza da. Doktore honek nahi izan du Gipuzkoan nahiz Euskal Herri mailan dagoen hutsune historiografiko nabarmen bat betetzen hastea. Hau adierazi du: "Estatuan kultura politiko errepublikanoari buruz gero eta ikerketa gehiago burutzen ari badira ere, hemen oraindik asko falta da egiteko. Hori dela eta, liburuarekin nolabait, etorkizuneko lanen oinarri izan daitekeen informazioa zabaldu nahi izan dut, nahiz eta horrek hein batean, irakurketa zaildu. Ezin ahaztu daiteke gainera, hainbeste eztabaida sortzen dituen II. Errepublikari buruz gehiago jakiteko, ezinbestekoa dela 1931 aurretik errepublikanoek eta gainontzeko korronte politikoek egin zuten bidea ongi ezagutzea".

Unai Belaustegiren hitzetan, "oro har, bi errepublikanismo mota bereiz daitezke, bata burgesa eta kontserbadoreagoa, adibidez Donostiakoa. Industria bultzatu zuten gizon famatu haiek ?Brunet, Goitia, Gascue, Bermingham...? errepublikanoak izan ziren. Baina langile-mugimendua indartsuagoa zen herrietan? Eibarren, Irunen, Bergaran, Arrasaten...? errepublikanismoa erradikalagoa zen".
Tolosan, Justo Mª Zabala

Beste izen giltzarri batzuk: Tolosan, Justo Mª Zabala errepublikano federalista, 1868an bertan lanean hasi zena; Irunen, Iruretagoiena anaiak, alkate izandakoak; Eibarren, Antonio Iturrioz, hau ere alkate izandakoa.
Nola definitu errepublikanismoa? "Korronte politiko moderno bat izan zen, oso diskurso demokratiko eta laikoa zeukana. Gipuzkoan sasoi hartan jende tradizionalista asko zegoen eta Elizak indar handia zeukan. 
Hauteskundeak zetozenean, errepublikanoek hor hasten ziren segituan salatzen apaizen ezkutuko lan politikoa". 1868an hasi zen ideologia hau, urte hartako 'La Gloriosa' iraultzaren ondorioz Isabel II.ak agintea galdu zuenean. Gero, 1923an, Primo de Riveraren diktadura etorri zenean, guztiz debekatuta gelditu zen.

Unai Belaustegik egunkari ale zahar asko begiztatu ditu. Noski, Donostian zegoen egunkari errepublikanoa goitik begira miatu du, "La Voz de Gipuzkoa" zeritzana. "Berrogei urtetako aleak errepasatu ditut, 14.500 ale guztira. Bi urte eman ditut horretan. Egunkari hauxe zen salduena Gipuzkoan. Liberalek ere irakurtzen zuten, eta baita kontserbadore batzuek ere". Bertako zuzendariak Benito eta Joaquín Jamar anaiak izan ziren.

Hitzaurrerako hau idatzi du Martin Garitano diputatu nagusiak: "Askotan egiten denaren aurrean, ez da zuzena errepublikanismoa eta ezkerra uztartzea edo berdinak bailiran identifikatzea, nahiz eta modu ez kontziente batean ariketa hori sarri burutu. Izan ere, errepublikanismoaren baitan denetatik egon da, Unai Belaustegi Bedialaunetaren tesi bikainak eta tesitik ateratako lehenbiziko emaitza honek egiaztatzen duen bezala".

Liburua Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratu du. 395 orrialde dauzka eta 20 eurotan dago salgai.

ITURRIA: DIARIO VASCO (Felix Ibargutxi), 2015-04-14