IGARTZA ETA SAN ADRIAN BITARTEKO BIDE ZAHARRAREN HISTORIA IDATZI DU Mª ISABEL ELORTZAK

'Errege Bidea, Santiago Bidea: Igartzatik San Adrianeraino' liburua egin du Mª Isabel Elorza Puyadena historialariak. Ikerkerta lan hau, Zegamako Udalak abian jarritako Xabier Azurmendi Bekaren hirugarren deialdiaren emaitza da.

Lehenengo urteko Xabier Azurmendi Beka ere Isabel Elorza Puyadenak irabazi zuen. Orduan, Urbia eta Aizkorriko artzaintzari buruzko lana egin zuen. Liburu hura, oraingoa bezala, Zegamako Udalak eman zuen argitara eta oso harrera ona izan zuen Goierriko etxeetan.

Atzo aurkeztu zuten liburua Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian, erakunde honek diruz lagundu baitu argitalpena. Bai Elorzak bai Zegamako alkateak (Edurne Albizuk) sentimendu handiz gogoratu zuten Xabier Azurmendi, 1996an hildako apaiz historiala- ria, besteak beste 'Atzoko Zegama' liburuaren egilea.

Alderdi askotatik heldu dio Elorzak gaiari: geografia, historia, etnografia eta kulturaren ikuspegitik, besteak beste. Lekukoen testigan-tzak ere ekarri ditu liburura, eta hain bat ilustrazioz (atzoko eta gaurko argazkiak, dokumentu zaharrak...) jantzi du liburua.

Aspaldiko garaietan, Zegama pasaleku zen Santiagoruntz zihoazen erromesentzat (eta handik bueltan zetozenentzat). Badago hori froga-tzen duen idatzizko dokumenturik. XVIII. mende bukaera aldera, hau idatzi zuen Manuel de Ariztimuño bertako alkateak: «En la Hermita de Sta Barbara destinada por un particular de esta villa para recojer a los Peregrinos que viajan en romería a Santiago...». Ospitale bat ere bazegoen 1798an: «Hay un ospital y este con el objeto de hospedar a los peregrinos que ban i biene de Santiago y no hay en él capellan sino una huerfana de Padre y Madre de hedad de 50 años».

Beasaingo Igartzatik Segurara, handik Zegamara eta Zegamatik gora San Adriana zihoan bidea zer zen gehiago, Santiago Bide ala Errege Bide? Elorzak ez dauka oso garbi, baina ikusi du zegamarrek beti «Errege Bidea» esan izan diotela pusketa bati, alegia, Zegamatik gora San Adriana doan bideari.

Bestalde, kontuan izan behar da Igartzako gune hori bidegurutzea izan zela: hantxe egiten zuten bat bi bide nagusiek, San Adriandik zetorrenak eta Leintz-Gatzagatik (Oñatitik pasata) zetorrenak.

Bestalde, hainbat argibide ematen du San Adrian ondoko Sancti Espirituko ermitari buruz. «Orduak egon gintezke hemen hizketan paraje horren gainean», esan zuen atzoko aurkezpenean.

Edurne Albizu alkateak hau esan zuen: «Bide hau altxor bat da. Ezinbestekoa da, babestu ahal izateko, horrelako ikerketa-lanak egitea. Eta animatu nahi ditut gainerako herriak, bakoitzak bere esparruan ikerketa egin dezan». Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuak, berriz, azpimarratu zuen Foru Aldundia zaharberritzen jardun dela Santiago Bideko zenbait toki, hala nola Hondarribiko harresia eta Sasiolako multzoa.