ORAIN DELA 5000 MILA URTE INGURUKO ARTZAINEN AZTARNAK


Kalkolito garaiko nekazari eta artzainek eraikitako saroiak aurkitu dituzte Araban UPV/EHUko, Bartzelonako Unibertsitateko eta CSICeko ikertzaileek

UPV/EHUko, Bartzelonako Unibertsitateko eta CSICeko ikertzaileei esker, gehiago dakigu orain dela 5.000 urteko artzain eta nekazariei buruz, San Kristobaleko babeslekuan (Toloño mendilerroa, Guardia, Araba) garai hartako, Kalkolito garaiko alegia, abere artegi edo saroiak aurkitu baitituzte. 'Quaternary International' aldizkarian eman dute aurkikuntza horren berri; ‘Management of residues and natural resources at San Cristobal rock-shelter: Contribution to the characterisation of chalcolithic agropastoral groups in the Iberian Peninsula’ artikuluan hain zuzen ere.

Aurkikuntza oso garrantzitsua da, eta aitzindaria, lehen aldiz aurkeztu dituzteztelako nekazari eta artzain komunitateek Kalkolitoaren hasieratik (duela ia 5.000 urtetik) Euskal Herriko eta Iberiar penintsulako ipar-mendebalde osoko babeslekuak ardi edo ahuntzentzako artegi gisa erabiltzen zituztela erakusten duten datu enpirikoak.

UPV/EHUko taldea Javier Fernández Eraso Historiaurreko katedradunak zuzendu du, eta UPV/EHUko Historiaurre Arloak koordinaturiko diziplina arteko lankidetzaren emaitza izan da lana. Lan horretan aritu dira, halaber, Bartzelonako Unibertsitateko eta CSICeko adituak.

UPV/EHUko ikertalde horrek berak aurretik egindako azterlanen arabera, baziren Antzinako Neolitokos saroiak Toloño mendilerroko beste aztarnategi batzuetan, 6.000 urtetik gorakoak. Alabaina, oraingo honetan aurrenekoz baliatu dira datu geoarkeologikoak (analisi mikrosedimentologikoak) eta paleobotanikoak (fitolitoak, polena, ikatza eta haziak), inguru horretako gizataldeek babesleku horietan nola jarduten zuten ikusteko eta Kalkolitoan lurraldea antolatzeko zer estrategia eta zer funtzio ekonomiko zituzten jakiteko.

Hurritzak eta haritzak

«Lan aitzindaria da hau Iberiar penintsulako nekazari eta artzain komunitateei buruzko ikerketen artean. Kalkolitoan San Cristobal okupatu zuten gizataldeek babeslekua ahuntz eta ardientzako artegi gisa erabili zutela frogatzen duten ebidentziak ditugu; ildo horretatik, egiaztatu dugu ehunka urtean erabili zituztela artegiak, baina aldi baterako soilik, Toloño mendilerroko baliabide natural aberatsak urtaro jakin batzuetan ustiatzeko. Gainera, sedimentuen azterketa mikroskopikoari esker, jakin dugu denbora tarte jakin batetik behin erre egiten zituztela pilaturiko hondakinak, gune okupatua garbitzeko seguru asko, eta ohitura zehatz batzuei jarraitzen zietela horretarako: hondakinak pilatu, eta, erre aurretik, egurra jartzen zuten gainean, su hobeto har zezaten beharbada», azaldu du Ana Polo-Díazek, UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaileak.

Bestalde, bat etorri direnez analisi mikrosedimentologikoa eta fitolitoena (landareen eskeletoa osatzen duten mineral geldikinak), abereek zer jaten zuten zehaztu ahal izan da: babeslekuaren inguruko bazkaz elikatzen ziren hein handi batean.

Polenari buruzko datuekin, ikusi da San Cristobaleko inguru hurbilean baso bat hazten zela azterturiko garaian, eta baso horretan batik bat hurritza eta hosto erorkorreko haritza hazten zirela (erkametzak, ziurrenik). Horiez gain, artea, ezpela eta pinua ere azaldu dira.

Aztarnategian kontserbatu diren ikatz arrastoen azterketari esker, sakonkiago aztertu da nola erabiltzen zuten Toloño mendilerroko zura. Emaitzen arabera, argi eta garbi aldatu zen babeslekuaren okupazio kalkolitikoan egur materialak hautatzeko modua: faserik antzinakoenean, pinua erabiltzen zuten batez ere, eta hagina ere bai; gerora, ordea, gehiago erabili zituzten haritza, artea, errosazeoak eta ezpela, besteak beste.

Polenaren inguruko analisiak erakutsi du, halaber, bazkalekuak eta soro landuak zeudela babeslekutik nahiko gertu. Horrenbestez, garai hartan nekazaritza eta abeltzaintza lantzen zituzten bizirik irauteko, eta horregatik erabili zuten San Cristobal artegi gisa. Oraingoz ezin izan da aurkitu aire zabaleko aztarnategirik San Cristobaletik gertu, baina seguru asko existituko zen herrixkaren bat handik hurbil, urteko aldi jakin batzuetan abereekin hara eta hona ibiltzen zena mendilerroko baliabideak ustiatzeko asmoz.

San Cristobalen lortutako datuak bat datoz Toloño mendilerro inguruko eta gertuko lurraldeko aztarnategietatik ateratako informazioarekin. Horrela, egiaztatu da antzeko kultur ezaugarriak zituzten gizataldeek garai berean eta helburu berarekin erabilitako babesleku edo artegien sare baten parte zela San Cristobal. Horrez gain, jakin ahal izan da babesleku edo artegi horiek okupatu zituzten komunitateak Kalkolitoan Errioxako Arabako trikuharriak erabili zituzten berberak izan zirela ziur asko.


ITURRIA: DIARIO VASCO (2016-06-06)