EUSKAL BALEZALEEN HILKETAZ, DONOSTIAN

Apirilean Islandian egin zen biltzarrean parte hartu zuen Olafur Engilbertsson, hizlari Donostian. / I.L.
Lau mende ia ilunpean igaro ostean, joan den apirilean Islandian egin zen nazioarteko biltzar batek jakin-min handia piztu zuen duela 400 urte -irailean beteko dira- urrutiko uharte hartan jazotako euskal baleazaleen hilketaren inguruan. Islandiarren memorian euskaldunonean baino askoz ere biziago dagoen pasarte hura oso ezaguna zen, edonola ere, ikertzaileen artean, baita euskaldunen eta islandiarren arteko harremana ere, besteak beste zenbait hiztegiren bitartez.

Biltzar hark izan zuen arrakastaren ondotik, haren antolakuntzan esku-hartze zuzena izan zuen Etxepare Euskal Institutuak aurreratu zuen Donostian ere izango zela Islandiako fiordoetan gertatutakoaren berri izateko aukera, biltzarraren jarraipen gisa. Heldu da unea, eta datorren ostiralean, uztailak 17, egun osoko jardunaldia egingo da Aquariumean. Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak eta Euskal-Islandiar Adiskidetza elkarteak antolaturik, Etxepare Euskal Institutua eta Aquariuma laguntzaile direla, jardunaldiak hainbat adituren ekarpenak bilduko ditu.

Goizean zehar bost hitzaldi eskainiko dira, eta arratsaldean sarraskiari buruzko liburua eta erakusketa aurkeztuko dira. Sarrera irekia eta doan izango da.

Kontakizuna, hiru hizkuntzatan

Jardunaldia Vicente Zaragüeta Aquariumeko presidenteak irekiko du goizeko 10:00etan, eta ondoren, 10:15ean, XVII. mendean hasi zen euskal baleazaleen gainbeheraz arituko da Michael Barkham Huxley. UPV/EHUko Álvaro Aragónek 'Una historia común a ambos lados de los Pirineos. Las pesquerías transoceánicas vascas entre los siglos XVI y XVIII' hitzaldia eskainiko du 11:00etan, eta 1615eko sarraskiaz mintzatuko da Renoko Unibertsitateko Xabier Irujo. 12:30ean, euskal-islandiar hiztegiak izango ditu hizpide orain gutxi arte ezezaguna zen laugarren hiztegi bat topatu duen Ricardo Etxepare. Goizeko saioa amaitzeko, 13:15ean, 'XVI-XVIII mendeetako 'euskaldunen itsasoa'-ren errepresentazioaz lau testu-ardatz' gaia landuko dute Aurelie Arcochak eta Mari Jose Olaziregik.

Arratsaldeko 18:00etan, berriz, 'Baskavigin' euskal baleazaleen hilketaren kronika ezagunaren bertsio eleanitza aurkeztuko da. Jon Gudmunssonek idatzi zuen testua euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu da Montevideon, eta editoreak, Xabier Irujo barne dela, mintzatuko dira lan zirraragarri eta argigarri horri buruz.

18:30ean, berriz, Xabier Irujoren eta AIB Euskal-Islandiar Adiskidetza elkarteko Olafur Engilbertsson eta Sigrun Antonsdottirek sarraskiari buruzko erakusketa aurkeztuko dute.


ITURRIA: DIARIO VASCO, 2015 UZTAILAK 13.