ATLAS HISTÓRICO DE NAVARRA

Eneko del Castillo, Donostiako Parte Zaharrean

Eneko del Castillok (Zangoza, 1973) ‘Atlas histórico de Navarra’ plazaratu du. Batez ere mapak dakartza argitalpen honek, baina baita hainbat azalpen labur ere. Nafarroako historia aztertzen duen Xavier Mina elkartearen sortzaileetako bat da Del Castillo, eta Nabarlur izeneko blogaren aita.

–Zuk mapak egiten dituzu...
Oso mapazalea naiz, oso gustuko ditut antzinako mapak, batez ere hamaseigarren eta hamazazpigarren mendeetakoak. Liburu hau baino lehen, pentsatu nuen horrelakoak biltzea, eta hamalaugarren mendera arte oso mapa gutxi daudenez, erabaki nuen neuk berriak egitea.

–‘Nafarroa’ kontzeptua noiz agertzen da? Lehen idatzizko aipamena noizkoa da?
Zortzigarren edo bederatzigarren mendean, Karlomagnoren garaitsuan, ordurako hitz egiten da nafarrei buruz. Esaten zuten nafarrak Ebroren iturburuan ere bizi zirela, haraino iristen zirela, baina beno, batez ere Pirinioen hegoaldean; Pirinioen iparraldean gaskoiak bizi zirela esaten zuten.

–Ebroren iturburua Reinosan dago, Kantabrian.
Bai, eta hori hitzez hitz ulertu behar dugu, nafarrak haraino iristen zirela. Hamabigarren mendean oso ezaguna da Aymeric Picaudek –Códice Calixtino delakoaren egileak– idatzi zuena Gipuzkoako eta Bizkaiko nafarrei buruz.

–Beraz, horrela deitu zien horko biztanleei: «nafarrak».
Bai. Garai hartan erresumari, hala ere, Iruñeko Erresuma deitzen zioten, hiriburuaren izena hartuta. Baina behin 1162 urteaz geroztik erresumari Nafarroa deitzen zaio, erregeak, Antso Jakitunak, hala erabakita.

–Liburuaren azalean oso Nafarroa zabala agertzen da, Ebro eta Garona ibaien arteko lurralde guztia. Hori izan zen Nafarroak toki gehien hartu zuen garaia, ezta?
Liburu honek azken 2.200 urteak hartzen ditu. Esaten duzun mapa hori erromatarren garaikoa da. Bosgarren mendean, bai baskoiei bai aldameneko herriei, denei baskoi esaten zaie. Frankoek hala deitzen zieten Garona ibaiaz bestaldeko biztanle guztiei. Jadanik ez zaie akitaniar deitzen; akitaniar, berriz, Garona eta Loira ibaien artekoei deituko zaie bosgarren mendetik aurrera.

–Nafarroako Erresumak lur asko galdu ditu historian zehar.
Bai, eta saiatu izan zen lur horiek berreskuratzen, baina handik harago jo gabe.

–Lurraldetasunari dagokionez, zein dira historiako berri pozgarriak?
Adibidez, Shakespearek 1592an idatzi zuena, Nafarroak harrituko zuela mundua. Polita da. Beste bat, ezaguna, Rikardo Lehoi-Bihotzak –Ingalaterrako erregeak– esan zuena, Nafarroako kostaldea Hondarribitik Castro Urdialeseraino hedatzen zela.

–Hondarribia Nafarroako parte izana da, ezta?
Bai, beste herri batzuk baino gehiago. Adibidez, 1805etik 1814ra bitartean Nafarroara itzuli zen, Irunekin batera. 1805eko irailaren 6an, Nafarroako Erresumako Diputazioak eskutitza bidali zion Espainiako erregeari, Irun eta Hondarribia beretzat eskatuz, esanez Nafarroarentzat berebiziko garrantzia zuela itsasora irteera edukitzeak. Handik gutxira, irailaren 26an, erregeak baiezko erantzuna eman zuen. Gipuzkoako Diputazioak protesta egin zuen Carlos IV.aren aurrean behin eta berriz, baina erregeak bereari eutsi zion. Gero, 1814an, gauzak erabat aldatu ziren: Fernando VII.ak berriz kendu zion Nafarroari itsasoko irteera hori. Orduan, Napoleonen soldaduak atera berriak ziren penintsulatik. Horixe zen Nafarroako irteera naturala: Bidasoa ibaiarena. Hemeretzigarren mendea baino lehenago ere, Hondarribiko biztanleek egin zituzten ahalegin batzuk Gipuzkoa utzi eta Nafarroan sartzeko. Adibidez, hamaseigarren mendean herri hau hiru urtez izan zen Nafarroako parte.

–Esan daiteke Nafarroako Erresuma gizalegezkoagoa, gizatiarragoa izan zela inguruko beste erresumak baino?
Halako gaia ez dut liburuan trata-tzen, baina esango dizut zerbait. Historialariek esaten dute Nafarroako Erresuma ezberdina zela, Europako besteen aldean. Ez beti hala ere. Franziatik etorritako erregeak ere izan ziren Nafarroan, eta horregatik foruak idatzi egin zituzten. Ordurarte ezagunak ziren foruak, baina gero idatziak izan ziren, hamahirugarren mendean Champagneko etxeko Teobaldo errege izendatua izan zenean. Geroxeago kapetoen dinastia etorri zen, eta orduan tentsio handiak izan ziren agintari eta herritarren artean, foruen urratzeak zirela eta. Oro har, Erdi Aroan Nafarroak sistema politiko desberdina izan zuen. Europa oso feudala zen garaian, hemen tenentzia sistema zegoen, eta gazteluetako tenienteak funtzionarioak ziren. Ondo egiten bazuten, jarraitzen zuten beren postuan, eta gaizki egin ezkero, hura kendu eta beste beste bat ipintzen zuten. Sistema feudalean, berriz, aitak pasatzen zion agintea –gaztelua, lurrak– semeari, eta honek bere semeari...

–Sinboloez ere mintzatzen zara liburuan. Arrano Beltza sekula ez omen zen ageri izan erresumako ezkutuan.
Hala da. Antso VII.aren zigiluko irudia zen. Errege haren irudi pertsonala izan zen, besterik ez.

–Eta ezkutuko kateak?
1212an Navas de Tolosako bataila gertatu zen. Antso VII.ak 200 zaldun baino ez zituen bidali, eta eskumikuaren mehatxuaren pean. Ez da egia batailaren ostean hango kateak Nafarroako ezkutuan ipini zituenik. Gainera, hamabosgarren mendera arte inork ez du Nafarroa kate haiekin lotzen. Nafarroako ezkutua Navas de Tolosako borrokaldia baino lehenagokoa da.



ITURRIA: DIARIO VASCO (Felix Ibargutxi) 2016-07-09